2014/08/15

Donostiako Aste Nagusian Buruaundi eta Erraldoiekin



Egunero, dultzaina joleekin batera txistulari taldea aritu da Buruhandi eta Erraldoien konpartsarekin.

bat

2014/08/11

37. Txistulari Alardean

KONTZERTUA EITB.COM EN IKUSGAI NAHIERAN:Txistulari Kontzertuak.

Jon Ansorena, Peio Irigoien, Diego de Vera hirurak Hernanin egiten den umeen txistulari lehiaketan hainbat aldiz parte hartu dute eta hirurak ere sariak jaso izan dituzte. Larunbatean, abuztuaren 9an, ehun txistulari atzean zutela jo zuten, eta txistuaz edozer musika mota jo daitekeela erakutsi zuten.
EGITARAUA:
BERRIA egunkariak Xabier Muñoz txistulari donostiarrari eginiko elkarrizketaren zati batzuk:

37. Txistularien Alardea izan da aurtengoa. Zeintzuk izan dira berezitasunak?

Kontzertu honen bidez, Euskal Herriko musika, musikariak zein pertsona historikoak oroitzen ditugu, bai eta Donostiako historiako gertakari jakinak ere. Aurten, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea erakundearen 250. urteurrena oroitu dugu. Pepe Artola musikari donostiarra ere gogoratu dugu, aurten haren jaiotzaren 150. urteurrena delako. Joxe Uruñuela eta Pablo Sorozabal musikariak ere omendu ditugu, eta, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrena ere badela kontuan izanda, gurekin parte hartu dute horko ordezkari batzuek. Bestalde, urtero gonbidatu berezi bat izan ohi dugu; aurtengoa, adibidez, Alex Sardui abeslaria izan da.

Nolakoak izan ziren alardearen hasierako garaiak?

60ko hamarkadan, ohikoak ziren txistulari multzo handiekin egindako alardeak; Donostian, adibidez, plazan egiten ziren, eta Isidro Ansorenak zuzentzen zituen. Gaur egun ezagutzen dugun alardea 1978an egin zen lehen aldiz, ordu hartan Gipuzkoako Txistulari Elkarteko ordezkaria zen Jose Inazio Montesen eskutik. Gogoan dut sekulako jendetza etorri zela gu ikustera. Hurrengo urtean, Montes hil egin zenez, geuk hartu behar izan genuen jaialdia egiteko ardura. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, Montesen ideia izan zena gorde dugu.

Kontzertua Aste Nagusiko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da. Zer ematen dio kontzertuak Donostiari?

Euskal musikaren kutsua zabaltzen du kontzertuak, hau da, Aste Nagusiaren hasierako giro euskalduna ziurtatzen du. Inguruan ez dago horrelako ekintza askori, eta alardean parte hartzen dugunok nahiko «aparte» gabiltzala esan daiteke. Parte hartzaile denak euskaldunak gara. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, ez dugu ezaugarri hori ahazten.

Zer esan nahi du zuretzat alardean parte hartzeak?

Urtean egiten den eginkizun nagusia da. Plazan txistua jotzea, hain zuzen, futbolari batentzat Katedralean futbolean jokatzea bezala da. Arrazoi asko daude:Konstituzio plazan jotzen dugu, Donostiako Musika Banda ere gurekin egon ohi da, eta Euskal Herri osotik ehun bat txistulari etortzen dira. Horrek guztiak sekulako poza ematen du, parte hartzaile gehienak ezagunak eta lagunak garelako. Jende asko bildu arren, ondo moldatzen gara elkarren artean koordinatzeko.

Nola ikusten duzu txistularitza gaur egun?

Ez da lehen zen bezalakoa. Gaur egun, gazte asko teknikoki oso prestatuta daude musika egiteko, eta ez dute txistulariekin bakarrik jotzen, baita gainontzeko musika tresnekin ere. Dena den, txistulari gisa lan egin badaiteke ere, gaur egungo mugikortasunak zaildu egiten ditu jardueren prestaketak (kontzertuen antolakuntza edota entseguak, adibidez). Bestalde, hamar urteren ostean, Hernaniko (Gipuzkoa) talde batek Txistularien Bakarkako Txapelketa antolatu du, eta horrek esan nahi du txistularitza munduan proiektuak badaudela.

2014/08/07

Txistua ere Europa aldean

Haritz Ezeiza txistularia  " Bitartean" Hernaniko folk taldearekin dabil Europan.
Lehenengo diska kaleratu berri du Hernaniko Bitartean musika taldeak: ‘Bidean’.

Gelditu gabe dabiltza Bitar­tean folk taldeko musi­ka­riak, iaz martxan jarri zire­ne­tik. Taldea sortu berritan, Gale­sen egin zuten tourra lehengo urteko abuz­tuan, eta aurten ere, Europan ba­rrena dabiltza udaran: Fran­tzian, Ir­lan­dan eta Galesen izango dira, hamaika kon­tzer­tu ema­ten. Baina badu­te beste nobe­da­derik: lehenengo diska kaleratu dute, Bidean izenarekin. 

Frantzian, munduko kulturen jaialdian
Europan barrena eman be­ha­rreko gira Frantzian hasi zuen tal­deak uztailaren 17an; Ga­nnat-en, hain zuzen, mun­duko kulturen jaialdian. Doze­na bat herrialdetako partai­deak izan dira bertan: Belgika, Serbia, Estatu Batuak, Kenia, Errusia, Kolonbia, Argentina, Irlanda, Vietnam edota Japon, adibidez, eta tartean, Bitarte­an taldea aritu da, Donostiako Gero Axular dantza taldeari laguntzen.
Hilaren bukaeran, ordea,  dantza taldea Euskal Herrira itzuli zen, eta Bitartean taldeak Irlandara egin zuen salto, berezko gira hastera. Orain, berriz, Galesen daude. 

Irlandan, gaelikoaren aldeko komunitatean
Hil honen lehenengo bost egu­nak Irlandan pasa ditu tal­deak, Dublinen eta Belfas­ten. Bertan hainbat kontzertu ema­teko aukera izan dute musikariek.
Bide batez, euskeraren eta gaelikoaren egoeren berri ezagutu eta ezagutzera ema­teko aukera izan dute. Izan ere, Conradh na Gaeilge elkar­teak eskatuta eman dituzte kontzertuetako batzuk; gaeli­ko­aren alde lan egiten duen elkartea da. Era berean, gaelikoz komu­nikatzen duen Raidió na Life irratian ere izan ziren, eta baita Irlandako irratirik garrantzi­tsuenean ere: RTE Radio       Elkarrizketa entzuteko (00:25:13an hasten da) 

Gales, iparraldetik hegoaldera
Giraren erdia egin du dagoeneko Bitartean taldeak, eta oraintxe Galesen daude, hegoaldean: Llanellin eta Cardiffen emango dituzte kon­tzer­tuak. Etzi, berriz,  ipa­rral­dera egingo dute salto: Tywyn, Darowen, Glant­wymyn eta Aberystwyth-era.
Kontzertuak bukatu ondo­ren, azken bi egunak Meinir Gwilyim kantautore gales­tarrarekin pasako dituzte. Lehengo urteko giran ezagutu zuten elkar, eta aurten, bere hurrengo diskoan kolabo­ratzeko eskatu die taldeko txalapartariei.

‘Bidean’ diskoa salgai
Udan majo lanean ari dira La­ra Mitxelena, Sebastian Usta­rroz, Ixiar Jauregi eta Haritz Ezeiza. Baina urtean zehar ere gogotik egin dute, eta emaitza kalean dago: Bidean, lehenen­go diskoa. 10 eurotan erosi daiteke Onddi, Kixkal, Garin, Rioja eta Kitto tabernetan eta Iparragirre sagardotegian.
«Ez dugu estilo itxi bat», azaldu zion Kronikari taldeak lehengo urtean egindako el­ka­rrizketa batean, eta hala da. Ikutu euskal­duna eta argen­ti­narra duten kantu propioekin eta molda­ketekin osatu dute le­he­nengo diskoa, txalaparta, akor­deoia, gi­ta­rra, alboka, txis­tua, kajoi flamenkoa, pan­deroa edota txaramelak nahas­­tu­ta. Hernanin eta inguruan «laster kontzertu batzuk eman­go» dituztela au­rreratu dute, lana erakusteko.

2014/07/24

Madalenak zaharren egoitzan

Urtero bezela, uztailaren 22an txistulariak goizetik zaharretxeko solairu guztietan jotzen dute "Madalen" eguna ospatzeko.

2014/07/16

Karmen egunean

Aurtengo alkatea MARIA TERESA CUEVAS DAÑOBEITUA eta omandutako dendaria berriz KARMELE MUJIKA UZKUDUN.
Eguerdiko 12ak jo baino lehen txistulariak biribilketak jo bitartean botika parera jende asko hurbildu da.12ak punttuan botika gaineko balkoitik, Juan Jose Uriak esatari lanetan Cuevasi buruzko hixtoriak kontatu eta gero Amonarraizek Cuevasen alabari (Mari Jose Chucla Cuevas) alkate  maikla eman dio.

Kronikak Maria Teresa Cuevas-i 2008an eginiko elkarrizketa HEMEN (Hernaniko garai bateko bizimoduari buruz)


Bi emakumeei kantatutako bertsoak.
Doinua: aita izena kanta beharra

 






2014/07/14

Iruñako alardea 2014: Amerikanuak

2014. Uztailak 13an izan zan kontzertua:

2014/07/09

2014. Azeri Dantzan


26 eta 27 eguneko azeri dantzetan txistulariek mezu bat erakutsiz irten ziran kalera: "Hernaniko azeri dantzan Hernaniko txistulariak". Dena, San Joan egunean haurren azeri dantzan kanpoko txistulariak jo zutelako izan zan; Hernanin txistulari pila dago baina San Juan eguneko goiza oso okupatuta daukatenez (diana, kontzerturako entseiu orokorra) ezin dute aurrera eman, beraz, datozen urteetako Haurrenazeri dantza beste egun batean irtengo da. Hori horrela, Uztailan egin zen jaietako balorazioan, afera hori konponduta geratu da.

Hala ere, zinadurak eskatu ziran eta jendeak bikain erantzun zuen.

ARGIA aldizkarian Piterren iritzia


2014/06/30

2014. San Joanetako irudiak

Aurtengo San joanetako irudi batzuk

2014/06/25

1. Azeri dantzan Joxan Rodriguez gogoan


Joxan Rodriguez maxkuriekin laguntzen aritu da urtetan Hernaniko Axeri Dantzan, eta orain gutxi hil denez, omenaldia egin diote  familiari: Axeriak ‘Idiyarena’ dantzatu die, eta sokako kideek lore-sorta eta kamixeta oparitu dizkiete.

Koadrilen egunean bazkaitan, txistularien gertukoek ere merezi dute eta.

2014/06/24

San Joan jaietan

Bezperan

San Joan eguneko diana

San Joan eguneko kontzertuan

2014/06/22

2014 Preludioan entzundakoak

 Beste doinuen artean honako doinu hauek entzun ahal izan ziren:(Gainean klikatuz jaitsi daitezke)

Bigarren Kalez-Kale
Itsas Gizonei
Leonena(Jota ta Porrue)
Adiskide bat bazen

2014/06/14

Kalez kale, Iragarpen kontzertua... San Joanak badatozela

Sekulako giroa gaur goizean. Nabari da bai San Joanak ate joka dauzkagula. Goizean Kalez Kale Kantari jendetsua izan da. Iluntzean "Preludioa" izango da.
Urumeako Kronikatik jasotakoa:

20 urtez, San Joanak badatozela abisatzen 

1994an egin zen lehen iragarpen kontzertua eta bertan Hernaniko lau musika taldek parte hartu zuten.  Gaur egun, kontzertua San Joanetako programazioaren ezinbestekoan bihurtu da.

Urtero bezala guztia dute prest larunbat honetan 22:30­etan Hernaniko plaza musikaz betetzeko. Iragarpen kontzertuaren aurtengo programazioa berezia izango da, 20 urte hauetan jo dituzten abestien errekopilazioa egin dute eta. Ruth Martinek, Iragarpen Kon­tzertuko zuzendari artistikoak adierazi du, «zaila izan da aukeraketa egitea, baina azkenean gustokoen ditugun abestiak aukeratu ditugu». Hogei urteetako preludioen laburpena izango da gaur gauean en­tzungo dena.
Duela 20 urte lehen aldiz San Joanak iragartzeko kon­tzertua egin zen Hernanin. 1994ko ekainaren 18an izan zen. Lehen kontzertu hartan Hernaniko Musika Banda, Hernaniko txistulariak, San Joan Parrokiko abesbatza eta Kantuz abesbatza izan ziren. Lehen urteko zuzendariak Manolo Sagarna, Juan Jose Arregui, Javier Zubimendi eta Patxi Apezetxea izan ziren. Lau talde horiek ikusten zuten programazio berezi baten beharra, eta hortik sortu zen iragarpen kontzertua.
Lehenengo kontzertuan, Axe­ri Dantzak eman zion bere ikutua eta euskal dantzen la­gun­tza ere izan zuen Hernaniko musikarien saioak. Hamabi abesti eskaini zituzten, gehienak Hernaniko festen ingurukoak. Mila pertsona inguru gerturatu ziren kontzertura, eta egun bateko arrakasta geroragaldu ezineko zita bihurtu zaie hernaniar askori, Hernaniko San Joan jaien programazioan. Urteak pasa ahala Hernaniko talde gehiago sartu dira iragarpen kontzertuaren programazioan.

20 urteko laburpena, gaur
Urtero Hernaniko talde baten emanaldi berezi bat izaten du Iragarpen kontzertuak. Aurre­ko urtean esaterako, Hernasax saxofoi taldeak, Kantaitak eta Akelarreak parte hartu zuten. Aurten aldiz, ez da talde gonbidaturik izango. Hernaniko taldeen presentzia bai, izango da, eta hogei urte hauen laburpen kontzertuan parte hartuko dute. Programazioan abesti eus­kaldunak interpretatuko dira batez ere, adibidez: Mikel Laboaren Txoriak txori edo Xabier Leteren Adiskide bat bazen. Abesti euskaldunez gain, programan egongo dira akordeoiarekin joko den Ronan Padraig Hardlman-en The Lord of the dance abestia eta Giuseppe Verdiren Nabu­cco, azken hau, 1994ko kon­tzertuan interpretatu zen. Hiru aurkezle izango ditu kontzertuak: Idoia Noble, Niko Lizeaga eta Jon Odriozola.

20 urte, istorio asko
Preludioaren 20 urteetan jende asko ibili da bertako antolakuntzan eta moldaketan. Joxan Goikoetxea izan zen, esaterako, 2002 eta 2003 urteetan zuzendaritza mu­sikala eta orokorra bere gain hartu zituena. Bera­rentzat 2003koa izan zen politena, «ETB etorri zen Hernanira Preludioa grabatzera eta talde guztiek esfortzu berezi bat egin zuten egitarau mardul bat osa­tzeko». Edizio berezia izan zen urte hartakoa, preludioan inoiz parte harte zuten talde guztiak izan ziren eta talde galiziar bat ere etorri zen, gaita eta guzti tabladu gainera igo zena».
Gaur egungo estruktura ur­te haietan jarritakoa da. «Urte hartan finkatu genituen hainbat irizpide estruktura eta an­to­lakuntza aldetik, eta horiek sendotu zuten ekitaldia» adierazi du Goikoetxeak.
Hogei urteotan hainbat gauza gertatu dira preludioaren bueltan. Goikoetxeak Hernanin Entzuna diska oroi­tu du, «preludioaren dinamikaren barruan grabatu zen diska hau, Hernaniko musikaren bilduma da eta Hernaniko taldeek elkarlanean egindakoa». 1999an argitaratu zen, eta San Joanetako musika eta Her­naniko beste hainbat ohituretako musika biltzen ditu.
Preludioaren garrantzia pixkanaka haundituz joan zen eta 1998an Musika Eskola Publikoak, Kantuz eta Doinu Zale musika eskolekin batera, herriko ikastetxe guztietako haurrak bilduz Preludio Txikia antolatu zuten.
Horretaz gain, San Joan zortzikoaren abestiari moldaketa batzuk egin zizkioten 2002an. «Azken moldaketa hori gaur egun urtero entzuten dugu, Hernaniko musikarien lana izan zen moldaketa eta ohitura bihurtu da» dio Goikoetxeak.
2006ko edizioa berezia izan zen, baita ere. Xabier Leteren abesti bat jo zuten kontzertuan. Xabier Lete bera gonbidatu zuten, «lehenengo filan egon zen Lete, asko emozionatu zen bere abestia entzuterakoan» adierazi du Goikoetxeak. Aurten ere, Xabier Leteren abestia entzuteko modua izango da, txistulari eta akordeoi taldeekin, eta abesbatza eta teklatuarekin.

Urteko zita jakina 
hauxe izaten da askorentzat
Kontzertu garrantzitsua da San Joanen iragarpen kontzertua, musikari gehienak hernaniarrak izaten dira eta. Aurten, Hernaniko Musika Banda, Hernani eta inguruko txistulariak, Musika Eskola Publikoko akordeoi taldea, Musika Eskola Publikoko abesbatzak, Kantuz abesbatzak, Ozenki abesbatza, San Joan Parrokiko abesbatzako partaideak, abeslari bakarlariak, Ttarla  dantza taldea, txalapartariak, albokaria, gitarra, teklatu eta pandero joleak ariko dira tabladu gainean.
Talde guztien lan koordinazioan ibiltzen da Ruth Martin, zuzendari artistikoa. Horrez gain, musika zuzendariak, beste hainbat: Garbiñe Orbe­go­zo, Igor Arroyo, Maribel In­sausti, Patxi Apezetxea, Ma­no­lo Sagarna eta Roberto Pacheco hala nola. «Kontzertu berezia izango da, 20 urte hauetan egindako lanaren bilduma» adierazi du Martinek.
KONTZERTUKO PROGRAMA
AGURRA- Herrikoia
Moldaketa: Akelarre taldea eta Xanet Arozena
Bateria, gitarra elektrikoa, teklatua, abeslari bakarlaria eta dantzariak
Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo
EUSKAL MUSIKAREN GORESPENA- J. de Uruñuela
Hitzak: Jose Luis eta Jose Ignacio Ansorena
Moldaketa: Jose Mª Gonzalez Bastida
Bateria, musika banda, txistulariak, akordeoi taldea, abesba­tzak eta dantzariak
Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo
NABUCCO (Coro di Schiavi ebrei) - G. Verdi
Moldaketa: Musika banda eta abesbatzak.
Zuzendaria: Igor Arroyo
BIGARREN KALEZ KALE-  Pablo Sorozabal
Moldaketa: Kepa de Miguel
Txistulariak, metal boskotea eta abesbatzak
Zuzendaria: Igor Arroyo
THE LORD OF THE DANCE-  Ronan Padraig Hardlman
Moldaketa: Hans-Günther Kólz
Akordeoi taldea, perkusioa, saxofoia eta klarinete bi
Zuzendaria: Maribel Insausti
ITSASGIZONERI- J. Echeverrigaray, Herrikoia, Bruno Imaz
Moldaketa: Kepa de Miguel / J. I. Ansorena.
Txistulariak, metal boskotea, marinba, abesbatzak eta dantzariak
Zuzendaria: Patxi Apezetxea
TXORIA  TXORI
Hitzak: Joxan Artze
Musika: Mikel Laboa
Moldaketa: Javier Busto
Abeslari bakarlariak, abesbatzak eta akordeoi taldea
LEONENA  (Jota eta porrue)-Leon Bilboren errepertorioa
Moldaketa: Xabin Bikandi
Txistulariak, metal boskotea, albokaria, pandero jolea eta dantzariak
Zuzendaria: Patxi Apezetxea
JAIALDIA- Euskal kantariak
Moldaketa: Iñaki Urkizu / Roberto Pacheco
Musika banda, akordeoi taldea eta abesbatzak
Zuzendaria: Roberto Pacheco
DEEP PURPLE MEDLEY- R. Blackmore, J. Lord, I.Paice, 
D. Coverdale, R. Glover, I. Gillan
Moldaketa: Toshihiko Sahashi
Musika banda eta gitarra elektrikoa
Zuzendaria: Roberto Pacheco
ADISKIDE BAT BAZEN-  Xabier Lete
Moldaketa: Joxan Goikoetxea
Musika banda, txistulariak, akordeoi taldea, abesbatzak eta teklatua
Zuzendaria: Maribel Insausti
MENDIRIK MENDI-J. A. Erauskin
Musika banda, txistulariak, akordeoi taldea eta abesbatzak
Zuzendaria: Manolo Sagarna
SAN JOAN ZORTZIKOA-Herrikoia
Hitzak: M. Lekuona
Moldaketa: Joxan Goikoetxea
Txalaparta, musika banda,
txistulariak, akordeoi taldea, abesbatzak eta dantzariak
Zuzendaria: Roberto Pacheco



2014/06/08

Gure esku dago. Hernaniarrak ETXARRENeko 101. km osatu dute

Hernanitik 1.400 lagun eta Astigarraga, Ereñotzu, Goizueta eta Aranotik ere jendetza agertu da.
Txistulariak saiatu dira zagokien km.a soinuaz animatzen. Jendearen parte hartzea bikaina izan da.

Ibilbidean jendea biltzen saiatzen
12ak iristeko zain  dantzan

Giro aparta, eguraldi onaz aparte jendea pozik, alai, ilusioakin, algaratsu, dantzan, kantari...

2014/05/26

Gazte eta Helduak elkarrekin

Urumeako Kronikatik jasotakoa:

‘Hernani’ Musika Eskolako 20 txistulari inguruk eman zuten atzo kontzertua, gaztetxoenak eta helduak elkartuta. 11 doinu alai jo zituzten ikasturtea bukatzeko, eta ikus-entzule multzo ederra erakarri zuten udaletxeko arkupeetara.



2014/05/04

Deba eta Hernaniko txistulariak Itziarren


2014ko maiatzaren 3an ospatu zen Itziarren Erromeri Eguna.
Bertan parte hartu zuten Deba eta Hernaniko Txistulariak, Hernaniko Albokariak, Hernaniko Dultzaineroak, Hernaniko Fanfarea, Zubietako joaldunak, Jaboga Uranga Trikitixa eskolako ikasleak, Zumarragako Trikitixa, Josune eta Alaitz, Elizagoien ahizpak eta Ostolaza eta Narbaiza Trikitilariak.

Bideoan entzuten diren musikariak: Deba eta Hernaniko Txistulariak.