2021/12/26

Urteko azkeneko igandean

 Urtea amaitzen ari zaigu eta taldeko bi kidek ere agur esango diote bere taldeko ibilbideari. 


Zoritxarrez, aurten ere ezin izan dugu Milagrosa aretoan Gabonetako prestatutako kontzertua eskeini.
2021. Urteko azkeneko igandean (gona-gorria alborada), herritar batek ateratako bideoa ikusgai:


2021/11/22

Santa Zeziliako kontzertua kalez kale

 Aurten bai, Hernaniko txistulariek txistua jotzen ospatu dute musikarien eguna, Santa Zezilia eguna. Gaur astelehena, azaroak 22a da eguna baina musikari gehienok aldez aurretik ospatu genuen, larunbatean aurten. Bi tronpeta joleen laguntza izan zuten.

Oso giro goxoa eta atsegina eduki genuen, alde batetik eguraldia ezin hobea eta bestetik jendearen harrera bikaina izan genuen txalo zaparradekin agurtu gintuzten jo genuen txoko bakoitzetik

2021/11/14

Leokadisti taldearen kontzertua

Gaur,azaroak 14, eguerdiko 12:30etan emango zaio hasiera, Leokadisti Txistu taldeak eskainiko duen azaroko kontzertuari. Udaletxeko arkupetan izango da eta txistularien errepertorioko obra ezagunez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Pandemiaren eraginez, urte eta erdi egon dira «ixilik» herriko txistulariak: «urriaren 31n, hasi ziren musika eskolako dultzainero, trikitilari, albokari, txistulari eta akordeoi joleak, igande eguerdietan herriko kaleetan jotzen. 1989an hasi ziren iganderoko saio hauekin eta , 2004az geroztik, txistulariek hiru bat kontzertu eskaintzen dituzte ziklo horren baitan», gaineratu dute. 

Idoia Ansorena, Iker Apaolaza, Ander Arandia, Patri Arozena, Enara Arruti, Iñigo Arzallus, Julen Beraza, Iñaki Eguren, Maddi Galarza eta Beñat Otamendik hainbat doinu eskeini zituzten, besteen artean, 'Habanera', 'Kaskarre', 'Quand tu vas revenir', 'Izarti' eta 'Txistu soinua'.

2021/10/17

Gasteizen

 Orain dela bi urte (2019an) Gasteizen bildu ziran bertako txistulariak eta Nafarroako eta Gipuzkoako beste hainbat. J.M.Bastida, "Txapi"ren gidaritzapean berak sortutako doinu asko jo ziran. Sortu zen arrakasta ikusita, Urtarrilean Iruñan egin zan topaketa hori. Pandemia dela eta ordea, etena eduki zuen jaiak, baina aurten indar berrituz berriro ere elkarrekin aritzeko aukera egon da.




Lekunberrin Pilarika ospatzen

 Bi urte eta gero, txistulariak itzuli dira Lekunberriko jaietan kaleak alaitzera. Lau egunetan diana jotzen dute 9:30etan hasita.



 


2021/08/01

Onndi tabernari agurra, Kronikatik jasoa

 Gaur, abuztuak 1a, Kronikan ezusteko politta irakurri dugu. Albistea irakurtzeko hemen sakatu.

Mila esker bihotzez!

Txistulariak taberna parean jotzen.

Joan den ekainaren 27an, gure azken igandean, Hernaniko Txistulariek euren iganderoko kale buelta egin zuten.

Omenaldi gisa Oindi Tabernako ate aurrean jarri eta pieza bat jotzeko tartetxoa hartu zuten. Tamalez, goizegi zen eta gu ez geunden bertan. 
Tabernako atea itxita zegoela ikusita ere, txistulariak bertan aritu ziren txistua jotzen. Baina txoritxo batek esan zigun bertan izan zinetela eta jakin genuenean asko hunkitu ginen eta zuekin zorretan geundela pentsatu genuen.

Idatzi honen bidez gure eskerrik beroenak eman nahi genizkizueke. Plazer haundia izan da zuekin elkarlanean aritu izana urte guzti hauetan zehar, axeri dantzan eta bestelako ekintzetan lagunduz.

Besterik gabe, mila mila esker modu xume honetan egindako omenaldiagatik. Jarraitu horrela!

 

 


2021/07/26

Madalen eguna ospatzen

Iaz bezala, aurten ere zahar-egoitzako kanpoaldean eman dugu Magdalena eguneko emanaldia. "Egoiliarrek, batzuek kalean edo terrazan, eta beste asko egoitza barrutik, izugarri disfrutatu zuten zuen musikarekin", jakinarazi digu egoitzako presidenteak bere eskertza gutunean. Txalotu gintuzten, eta baten batek irrintzia botatzeko ere indarra izan zuen. Emanaldi polita izaten da guretzat, eta adinekoei bizitzan gizartearen alde egin duten lan eskerga aitortzeko modua.




2021/06/24

San Joan eguneko diana

Aurten ere, eta bigarren urtez, Covid 19 dela eta, goizeko diana jotzen auzo auzo ibili gera txistulariok bakarrik (bandarik gabe) eta  herriko kaxkoan ordez. Ondoren Hernaniko Musiko banda, Donostiako txistulari banda eta hernaniko txistulariok Atsegindegi plazan kontzertu bateratua eskeini dugu. Herritar batzuk unkituta ikusi ditugu bi urte hauetan joan zaizkigunak gogoratu arazi baitigu egun honek. 

Gora San Juan! 

Mendirik mendi zatitxo bat entzuteko Argazkian klikatu.

San Joan Martxa ( Arm. Oiartzabal), Musika Banda, Donostiako txistulari banda, Hernaniko txistulariak:





 

2021/06/20

Pandemiagatik jo gabekoak auzoz auzo berreskuratzen

Pandemia dela eta, abendutik kalejirak etenda izan dira eta maiatzatik aurrera kaxkoan jotzeaz gain auzoz auzo gabiltza.

Gaur Oblatos, Garcia Goldaraz, Mañe y Flaker , Karmelo labaka eta Agustindarren plazako atzekaldean aritu dira. 

JeolimoQuisiera ser Alcalde

2021/06/19

Iragarpen kontzerturik ez baina musika bai

Gaur, egoera normala izan balitz, San Joanetako iragarpen kontzertuan (preludioan) parte hartu beharko genuke. Pandemia dela eta ordea kontzerturik ez da izan eta txistulariok auzoetatik aritu gera; Sorgintxulon hasi, Marieluts, Latxunbe-berri, Latxunbe eta amaitzeko Txantxilan aritu gara.





2021/05/29

Kutxa bira Hernanin

Harrera ezin beroagoa Hernanik, Kutxa Birari. 

Bideo laburpena

 

 HERNANIko Kronikatik jasota:

Bizi gira... Kutxa Bira' ekimeneko Kutxa atzo iritsi zen Hernanira, eta harrera ezin hobea egin zioten herritarrek, Kale Nagusian gora..

Aurten, osasun egoera dela eta, bertan behera gelditu behar izan dira hainbat kultura-ekitaldi; Korrika, Herri Urrats edota Nafarroaren Eguna kasu. Hari horri tiraka,    Bizi gira... Kutxa Bira egitasmoa antolatu du Iparra Hegoa elkarteak. Egurrezko kutxa bat da ekimeneko protagonista, eta Argentinako Patagones hiritik abiatu zen duela bi hilabete, martxoaren 20an. Euskal Herri osoko herri ugari bisitatu ditu, eta bihar amaituko du ibilbidea, Seguran. Zehazki, 72 egunetan, 71 herritatik igaro da. Atzo Hernanin izan zen, eta ekitaldi berezi zein goxoa eskaini zioten hernaniarrek kutxari.  

Antolatzaileek azaldu dute­nez, Kutxa Birak irudikatzen du «euskerarik gabe ez dagoela euskal herritarren sarea josterik, ez dagoela Euskal Herria eraikitzerik». Hori horrela, dinamika honekin, euskalgintzako eta herrigintzako eragileen ametsak bildu nahi dituzte; Euskal Herrikoak eta diasporakoak. Amets Arzallusek idatzi zuen lehen mezua, eta bi hilabete daramatza kutxa barruan. Alegia, herriz herriko aldarrikapenez gainera, bertsolariak idatzita Hitza da gure lurra testua dago kutxan, euskal herritarrei zuzendutakoa. Amets edo mezu orokor hori udalerri guztietan irakurri da, eta atzo, Hernanin ere irakurri zuten. Besteak beste, hauxe dio Arzallusen testuak: «Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deitu dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea».      

Oilo ipurdia jarri zion askori, atzo arratsaldeko ekitaldiak

Arratsaldeko 17:30etan iritsi zen Kutxa Bira Hernanira, Zinkoenera. Lasarte-Oriatik iritsi zen, eta hantxe zituen hernaniarrak zain, emozioz beteta. Errugbiak egin zion harrera, eta sospresaz betetako arratsaldea izan zen, askori oilo ipurdia jarri ziona. Adar hotsak, trikiti eta pandero doinuak eta dantza saio ugari eskaini zizkioten kutxari, Kale Nagusian gora osatu zuen ibilbide jendetsuan. Herriko eskolek ere eraman zuten kutxa eskuz esku, eta Dobera Euskara Elkartearen eskutik sartu zen Plazara. Bertan, herriko ikurra den axeria ere agertu zen, dantzari, txistularien doinuekin. 

Plazan bertan egin zuten ekitaldi nagusia atzokoan. Hernaniko Errugbi Elkarteak, antolakuntzaz arduratu denak, koreografia bat eskaini zuen, bere jokoan oinarritutakoa, euskerari bultzada emateko jokaldi bat irudikatuz. Txalaparta hotsik ere ez zen falta izan, eta bi bertso ere eskaini zizkion Aitor Osa bertsolariak, kutxari behar bezalako agurra eman aurretik. Igeldorako bidea hartu zuen kutxak, ondoren.

Bihar Seguran, azkeneko geltokian, aurreikusita dago irakurtzea Arzallusen mezua eta kutxan beraien mezua sartu duten herri guztiena. Horrelaxe emango diote amaiera, Bizi gira... Kutxa Birari. 

  

2021/05/23

Berriro ere kalean

Covid-19agatik hartutako neurriak direla-eta, iganderoko ohiko kalejira egin gabe egon gara 2020ko azaroaren 1etik pasa den igandera arte, maiatzaren 16ra arte. 16an, euria ari zuenez, udaletxeko arkupeetan egin genuen emanaldia, eta inguruan zebiltzan herritar batzuk hurbildu zitzaizkigun agurtzera. 

Gaur, berriz, eguraldi bikaina izan dugu, eta kaskoko ohiko buelta egin ondoren, Santa Barbara auzoan ibili gara.


 

2021/02/16

Inauteririk ez aurten eta Asteartitako bolera bideoan

Aurten ez dugu inauteririk izan pandemiaren eraginez. Horren ordez, Iñaki Egurenek eta Joxan Goikoetxeak  gogora ekarri nahi izan dute, gaurko egunez, Inauteri asteartean, Hernanin jotzen zen doinu bat: Asteartiko bolera. Goizeko seietan jotzen zuten, diana modura.


Isidro Ansorena txistulari hernaniarraren paperetan agertzen da bolera hau, azaldu dutenez. «Joxe Ansorenak, Isidroren anaiak, Jose Inazio Ansorenak 1978an egindako elkarrizketa batean kontatzen du nola jendea algara batean jartzen zen, doinu hau entzun orduko».

Badirudi doinu hau jotzeko ohitura beste txistulari hernaniar batengandik jasoa zegoela; Teodoro Erauskinen eskutik, hain zuzen ere. «Bolera erritmoa XVIII eta XIX. mendetan asko zabaldu zen, eta zenbait musikari klasikok ere bere konposizioetan erabili zuten, Chopinek edo Ravelek adibidez». Bolerak erritmo hirukoitza edo ternarioa du, eta Seguidilla espainiar dantzatik etorri daitekela dirudi. Sebastián Lorenzo Cerezo dantzariak aurkeztu zuen 1780an, eta oso azkar zabaldu omen zen. Perkusioa (kastañuelak eta tanborila) eta kitarra izan ohi zituen musika akonpainamendu bezala, eta bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat zen eskuen mugimendua. Gero, bolero latinoa ezagutzera eman zen, agian bolero espainarraren ondorengo bezala; baina eboluzio, erritmo (binarioa) eta izaera guztiz desberdinarekin.



.


2021/02/04

Santa Ageda bezpera gogoratzen

Aurten ba ezin, "pandemia" dalata ezinezkoa izan da irtetea. Urteetan euria, elurra, sekulako hotza pasa izan degu hutsik egin gabe baina aurten behintzat birtualki ikusi behar izan ditugu abesbatzak.

Beste urteetako taldeak:

KANTUZ abesbatzak 2021 honetan sortutako bideoa ikusgai HEMEN

2021/01/11

Martina Oiarbidek 100 urte

 Martina Oiarbidek atzo 100 urte bete zituen. Donostiren bizilagun mina izateagatik, honek oparitxoa eskeini izan nahi zion. Horregatik, biribilketak jotzeaz gain, Donostik "Agurra" dantzatu zion.

2021/01/05

Erregeak Datoz doinua balkoietatik

 Kabalgatarik ez da izango Hernanin gaur, Errege egunaren bezperan; baina 'Erregeak datoz' pieza eskainiko dute herriko txistulariek, arratsaldeko 18:00etan, etxeetako balkoietatik. Eta aurrerapen  bezala, bideoa grabatu dute, pieza bera joaz, etxetik etxera elkarrekin.Irudian klik egin bideoa ikusteko