2008/03/18

Tolarea Sagardoaren kapitulu berria

Hernaniko Kronikatik jasota:
Sagardoaren alde egingo dutela zin egin zuten ohorezko kofradia kide berriek
Ohorezko bost kofradia kide berri izendatu zituen atzo Tolarea Sagardo Naturalaren kofradiak. Ekitaldi nagusia Biteri kultur etxean izan zen.

Juan Mari Izagirre sukaldaria, Maider Telleria hockey jokalaria, Mirian Molina elikagaien inguruko ikerlaria, Xabier Laskibar mikologoa eta Orioko arraun elkartea dira atzoz gero Tolarea Kofradiako ohorezko kide berriak. Kide berriek, aurrekoek, nahiz gainerako kofradietatik Hernanira etorritako lagunek egun guztiko festa izan zuten atzo Hernanin. Goizean elkartu eta kalean ibili ziren eta Biterin izan zuten ekitaldi nagusia. Jon Odriozolak banan bana altxa arazi zituen kofradia kide berriak eta zenbait galdera egin zizkien, umorez. Ondorenean, Ohorezko aurreskua dantzatu zieten eta kupelaren gainean eskua jarrita, zin egin zuten protagonistek eta Kontxi Zubeldia Tolareako lehendakariak kofradia kide izendatu zituen. Ozenki abesbatzaren kantuek eman zioten bukaera Biterikoari, eta Akarregi sagardotegiko bazkariak festari.
Hamabost urteko historia
Kofradia kide berriei galderak egin zizkien Jon Odriozolak. Errioguarda jatetxea 15 urte betetzera dijoa aurten eta Juan Mari Izagirre sukaldariak eman zuen horren berri. Argiñanoren jatetxean hasi zen sukaldean hernaniarra, 32 urterekin, eta arreba eta biak orain 15 urte jarri zuten jatetxea. Izenari dagokionez, Izagirrek gogoratu zuen Guardarriosen etxea dela jatetxea dagoena, garai bateko errio guarda bertan bizi zelako. Guardarrios izena jarri beharrean, Errioguarda izena jarri zioten jatetxeari, beren ukitua emanda, «Urumea errekan deitzen diogun moduan». 
Gainerako lauak
Maider Telleria hockey jokariak urrezko domina lortu zuten urtean egindako lan haundia azaldu zuen, emakumezkoen kirolean, kirola eta lana uztartu behar baitira normalean; Mirian Molina Idiazabal gaztaren Kontseju Arautzaileko gerenteak gazta eta sagardoak duten lotura nabarmendu zuen; Xabier Laskibarrek Arantzadiko mikologia saila nola sortu zuten azaldu zuen eta Euskal Herriko perretxikoen katalogo bat egiten ari direla ere esan zuen (dagoeneko 3.500 perretxiko desberdin katalogatu dituzte); Orioko arraun elkarteko kideek, berriz, esan zuten Orioko traineruen arrakastaren muina borrokalariak izatean dagoelako eta animo haundiz azaldu ziren datorren denboraldiari begira.