1979/06/25

1976. Axeri Dantza


Bideoa "GIPUZKOA" filmatik ateratako da; Pío Caro Baroja egin zuen " Caja Municipal de Ahorros" (oraingo KUTXA)eskatuta haren ehunurteurrenean.
1976 eta 1979artean errodatu zen 1979 ikusgai prest izan zen.
Testua: Joxan Goikoetxea
AZERI DANTZA ("Atzeri-dantza", "Maskuli-dantza" edo "Maxkuri-dantza")
 Hauxe da hernaniarrentzat jaietako ekitaldirik berezkoena eta kuttunena. Aita Larramendik, Humboldtek, J. I. Iztuetak eta Aita Donostiak bildutako dokumentazioaren arabera, badira honen antzeko beste joku-dantzak Isturitz, Lekeitio, Andoain eta Adunan ere, eta, behar bada, Euskal Herri osoan zehar zabaldurik egongo ziren garai batean. Dantza hau inauterietan egiten zen lehen, inauteriak debekatu zituzten arte, eta gero San Joan jaietara pasa zen. Azken mende honetan 15-20 mutilek osatzen dute taldea, buruzagiaren agindutara. Goizeko 8etan elkartzen dira herriko kaleetan atzera eta aurrera ibiltzeko. Ezkerreko eskuaz soka bat heltzen dute eta eskubikoan maskuri bana eramaten dute. Soka txistularien doinu dotore eta geldoari jarraituz abiatzen da, astiro-astiro. Doinua azkartuz eta bizkortuz joaten da pixkanaka eta, halako batean, erredoble soinu anarkikoarekin batera, jendea inguratu eta maskuriarekin jipoitu egiten dute. Hortik aurrera, lasterkak eta zalapartak dira nagusi Hernaniko kasko zaharreko kale, karkaba, denda, atari, patio eta bazter guztietan. Dantzaren bizitasunak, Axeri izeneko pertsonaje berriagoak, mutilek etxez etxe eta dendaz denda egiten zuten puska-biltzeak, buruzagiak behar duen trebetasuna, postu hori eskuratzeko irrikiak eta abarrek tradizio hau bultzatu eta sendotu egin dute, eta garai batean haur kanta bihurtzeraino errotu zen herrian:
       AZERI DANTZA TXIBU TXIBULETE
       OPILA JANDA KONKETE
       TXIBU TXIBULIBU
       TXIBULI TXIBULETE.....
 Ansorenatar txistulari ospetsuek Idiarenak izenaz ezagutzen diren hainbat doinu gehitu zizkioten dantza honi. Gaur egun ibilbidean zehar jotzen dira beste doinu batzuekin tartekatuta, eta baita dantzaren bukaeran ere. Une horretan mutilek maskuriak lurrean utzi eta, azken akordearekin batera, lehertarazi egin behar dituzte haien gainean salto eginez.