2021/05/29

Kutxa bira Hernanin

Harrera ezin beroagoa Hernanik, Kutxa Birari. 

Bideo laburpena

 

 HERNANIko Kronikatik jasota:

Bizi gira... Kutxa Bira' ekimeneko Kutxa atzo iritsi zen Hernanira, eta harrera ezin hobea egin zioten herritarrek, Kale Nagusian gora..

Aurten, osasun egoera dela eta, bertan behera gelditu behar izan dira hainbat kultura-ekitaldi; Korrika, Herri Urrats edota Nafarroaren Eguna kasu. Hari horri tiraka,    Bizi gira... Kutxa Bira egitasmoa antolatu du Iparra Hegoa elkarteak. Egurrezko kutxa bat da ekimeneko protagonista, eta Argentinako Patagones hiritik abiatu zen duela bi hilabete, martxoaren 20an. Euskal Herri osoko herri ugari bisitatu ditu, eta bihar amaituko du ibilbidea, Seguran. Zehazki, 72 egunetan, 71 herritatik igaro da. Atzo Hernanin izan zen, eta ekitaldi berezi zein goxoa eskaini zioten hernaniarrek kutxari.  

Antolatzaileek azaldu dute­nez, Kutxa Birak irudikatzen du «euskerarik gabe ez dagoela euskal herritarren sarea josterik, ez dagoela Euskal Herria eraikitzerik». Hori horrela, dinamika honekin, euskalgintzako eta herrigintzako eragileen ametsak bildu nahi dituzte; Euskal Herrikoak eta diasporakoak. Amets Arzallusek idatzi zuen lehen mezua, eta bi hilabete daramatza kutxa barruan. Alegia, herriz herriko aldarrikapenez gainera, bertsolariak idatzita Hitza da gure lurra testua dago kutxan, euskal herritarrei zuzendutakoa. Amets edo mezu orokor hori udalerri guztietan irakurri da, eta atzo, Hernanin ere irakurri zuten. Besteak beste, hauxe dio Arzallusen testuak: «Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deitu dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea».      

Oilo ipurdia jarri zion askori, atzo arratsaldeko ekitaldiak

Arratsaldeko 17:30etan iritsi zen Kutxa Bira Hernanira, Zinkoenera. Lasarte-Oriatik iritsi zen, eta hantxe zituen hernaniarrak zain, emozioz beteta. Errugbiak egin zion harrera, eta sospresaz betetako arratsaldea izan zen, askori oilo ipurdia jarri ziona. Adar hotsak, trikiti eta pandero doinuak eta dantza saio ugari eskaini zizkioten kutxari, Kale Nagusian gora osatu zuen ibilbide jendetsuan. Herriko eskolek ere eraman zuten kutxa eskuz esku, eta Dobera Euskara Elkartearen eskutik sartu zen Plazara. Bertan, herriko ikurra den axeria ere agertu zen, dantzari, txistularien doinuekin. 

Plazan bertan egin zuten ekitaldi nagusia atzokoan. Hernaniko Errugbi Elkarteak, antolakuntzaz arduratu denak, koreografia bat eskaini zuen, bere jokoan oinarritutakoa, euskerari bultzada emateko jokaldi bat irudikatuz. Txalaparta hotsik ere ez zen falta izan, eta bi bertso ere eskaini zizkion Aitor Osa bertsolariak, kutxari behar bezalako agurra eman aurretik. Igeldorako bidea hartu zuen kutxak, ondoren.

Bihar Seguran, azkeneko geltokian, aurreikusita dago irakurtzea Arzallusen mezua eta kutxan beraien mezua sartu duten herri guztiena. Horrelaxe emango diote amaiera, Bizi gira... Kutxa Birari. 

  

No hay comentarios:

Publicar un comentario