2022/02/05

Santa Ageda bezpera luze

 Atzo Santa Ageda bezpera izan zen eta 60 urte bete ziren "Hernaniko Ohitura Zaharrak" taldeak egun horretan antolatzen duen erronda egiten hasi zenetik. Atzokoa lehenbizikoa izan zen pandemia hasi zenetik. Azkeneko bi urteetako tartean, taldeko zenbait parte-hartzailek utzi gaituzte (Mitxirrika, Iñaxio Mari, Joseba eta Pedrin), eta taldeak omenaldi txiki bat egin nahi izan zien Txantxangorri elkartean, haien senideei lore-sorta bana emanez. Horrez gain, oparitxo bat eman zieten gure taldeko Patxi Apezetxeari eta Donostiri, txistu-lanetatik jubilatu direla-eta.

Santa Ageda bezperako elkarretaratze ederraz gozatu genuen atzoko egunean.
Nahiz eta euria bidelagun izan ia denbora guztian, bihotzak bero eta eztarriak sendo azaldu ziren ekitaldi luze bezain gozagarri batean.
Goizetik txistulari bandako partaideok gustora aritu ginen beste behin ere gure herriko kaleetan barrena Hernaniko Ohitura Zaharrak taldearen deialdiari erantzunez.

Ezohiko ibilbidea egin genuen, eta luze jo zuen gauak. Peña Otañon aspaldiko abesti zaharrak kantatzen aritu ginen, eta azkenean, 12ak aldera iritsi ginen Txalapartara, eta kriston giroaz, bertso ederrez eta afaritxo goxo batez gozatu ondoren, 1:15ean iritsi ginen plazara, bezperan hasitako ekitaldi amaiezina bukatzeko.

 



 




No hay comentarios:

Publicar un comentario